Izarraizko Atea, Kimu Bat-en parke berria

Atzo goizean inauguratu zen Azpeitiako parke berria, azpeitiarrek Loiolako etorbidetik gertu aisialdirako izango duten berdegune berria. Belardiak, zuhaitzak eta ura dira parke berriko osagai nagusiak. Zabalgune nagusiaren tontorrean, zorutik ateratzen diren ur txorrotekin hornitutako gunea du parkeak, inguruan eserlekuak dituela; parkearen diseinuaren ardura izan duen Segurolaren hitzetan, hori da parkeko “plaza, topagune nagusia”. Hortik behera, harriz, landarez eta hondarrez inguratutako urmaela. Pare horretan Izarraiztik jaisten den errekatxoaren urarekin hornituko da urmaela urte sasoi gehienetan; udan, aldiz, gaurko egunez bezala, lehortuta egoten da sarri errekatxoa eta, horregatik, urmaela beteta mantentzeko uraren birzirkulazio sistema bat jarri dute, punpa bidez, ura urmaeletik errekatxo hasieraraino eta handik berriro beherantz ibil dadin. “Lekuan zegoen baliabide nagusi bati, urari, etekina atera zaio”, azaldu du Segurolak; Izarraitz “ur biltegi erraldoia” dela ekarri du gogora, bere aldetik, Etxeberriak.

Urarekin egin duten bezala, inguruak eskaintzen dituen gainerako elementu naturalekin integratuta, “eta Izarraitzen erabateko presentziarekin” osatu nahi izan dute parkea, Segurolak adierazi duenez. “Urmaela egiteko ateratako lurrarekin tontor batzuk egin dira, eta tontor horietan landatu dira pagoak. Uraren ardatzean, berriz, sahats negartiak landatu dira, 28, guztira”. Berdegunean barreiatuta, berriz, astigarrak ere landatu dituzte.

Parkearen izenak adierazten duen bezala, Izarraitz aldera igotzeko atea ere bada gune berria. Mendialdera zegoen pendiza leundu egin dute, oinez edo bizikletaz erosoago ibiltzeko bidezidorrak sortuz, parkearen goialdera zein handik gora Izarraitz aldera joan nahi dutenentzat.

Parkearen egikaritza lanak Kimu Bat-ek burutu ditu.

Compartir esta noticia